XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) arbola biren artean eskegi nuen hamaka eta arratsaldea handik pasatzen ziren turistez inguratuta eman nuen.

Gehienak Brasilgo kostaldetik lurralde hura ezagutzera joandakoak ziren.

Denak oso jator eta atseginak ziren, eta gonbidatu nahi izan ninduten edatera, afaltzera edota alokatzen ziren txalupetan ibaitik ibiltzera.

Atzerriko turistak ere bazeuden, gutxiago, Europa edota Ipar Amerikakoak, gehienetan Cuiabátik antolatutako talde handietan etorrita, ia denak safarirako arropa txukunekin jantzirik.

Sao Paulo aldeko familia jator batekin eman nuen denbora gehiena.

Senarrarekin errekaz bestaldeko ostatuko telebistan Amerikako Kopako finala ikusi nuen, han zeukaten antena parabolikoari esker.

Brasilek galdu egin zuen Uruguairen kontra, penaltietan, baina Soldeir, hala baitzeukan izena, ez zen larregi tristatu horregatik.

Gizon serioa zen eta bestelako ardurak zeuzkan buruan, batez ere bere herrialdearen egoerari zegozkionak.

Brasilek etorkizun bikaina zeukala zioen, baina etorkizun hura ez zela inoiz heltzen, agintarien ezgauzakeriagatik.

Bere emaztea, Izildenha, pertsona maitagarria zen.

Alkoholiko eta drogazaleekin egiten zuen lan, eta ipuin eta poesiazale handia zen.

Afaldu ostean etxetik eramandako ardo zuria edatera gonbidatu ninduten, eta ibai ondoan aldi gozoa eman genuen, euren seme-alaba gazteekin batera, elkarri kontuak kontatzen, eta Izildenharen ipuin eta kantu ederrak entzuten.

Lotarako ordua heldu zenean, agurtu aurretik, hurrengo urtean kostaldean zuten etxea bisitatzera gonbidatu ninduten.

Gau hura ez zen oso erosoa izan, gehienbat moskitoen erruz. Izan ere, moskitera ez nuen lar ondo ipini (...)